Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke?
Batetik, hezkuntzaren neutraltasuna eta bestetik gelako irakaskuntzako neutraltasuna bereiztuko nituzke.
Jakin badakigu, hezkuntza sistema curriculumaz baliatzen dela edukiak zehazteko eta hori egiteko irizpide batzuk hartzen ditu oinarritzat. Horrenbestez, hezkuntzak ezin du neutrala izan. Irizpide hoiek, geure gizartean, askok begi bistakoak edota guztiz arruntak iruditu arren eta errespetuaren eta aniztasuanren izenean egin, ikuspegi baten adierazgarri direlaren kontzientzia izan behar dugu. Horrenbestez, egungo gizartearen ezaugarria kultura aniztasuna izanik, hezkuntza sistemak ontzat hartzen dituen hainbat irizpide, eztabaidagarri gertatu daitezke.
Gelan bertan jarduten den irakaskuntzan, irakaslearen esku hartzea askoz zuzenagoa denez, gai ezberdinen inguruan sortu daitezkeen egoeretan, bai gelakideen bai kanpoko ikuspegiak kontuan hartu behar ditu.
Hala eta guztiz ere, irakaslearen neutraltasuna ez da inoiz erabatekoa izango. Pertsonak garen unetik, konszienteki eta ez konszienteki sustatzen ditugun irizpideak ditugu barneratuak, fenomeno sahistezina delarik. Baina halere, dagokigun irakasle lanbidean, gure hautematea arreta guztiz eta ahal den objetibotasun handienarekin egitea eskatzen du, ikasleekiko ahalik eta neutralen agertuz.
Zein da neutralitate eta objetibitatearen arteko desberdintasuna?
Neutralitatea, eztabaida dagoen inguruan, bi alde nabarmentzen badira, norberaren iritzia edo sentimenduak kontutan hartu gabe, ez alde batean ez bestean mantentzea edo ez parte hartzearen jarrera litzateke.
Objetibitatea, berriz, zerbaiten ezaugarri guztiak ikuspegi ezberdinetatik aintzat hartzeko gaitasuna litzateke, edo bestela esanda, zerbaiten inguruan, norberaren ikuspegiaz gain, besteen ikuspegiak ere onartzea.
Beraz, neutralitatea, jarrera batean datza eta objetibitatea gaitasun baten adierazgarri da, hori litzateke, hain zuzen ere, nire ustez bien arteko ezberdintasuna.
Eztabaida batean ez parte hartzea, hau da neutrala izatea, irakaslearen jarrera beharko luke izan, ikasleen eredu den unetik, bere iritziak pentsamolde ezberdinak baztertu eta baldintzatu ez dezaten. Aurrean aipatu dudanari jarraikiz, neutralitatea ez parte hartzearen jarrera bat denez, parte hartzea beharrezkoa den egoeretan, ezinbestean objetiboa izateko gaitasuna behar da ere, guztien ikuspegiak kontuan hartuz erabaki bat hartzeko momentuan.
Guzti honetaz gain, jakin badakigu, pertsonak emozionalak garela eta geure sentimenduen bitartez jokatzen dugula etengabe. Sentimendu hoiek askotan inkonszienteki barneratu ditugun irizpideen eranginpean daudenez, inoiz ez da emango erabateko neutralitatea ez objetibitatea. Horregatik, irakasle lanbideak, norberaren irizpideen edota jokaeretan sakonki hausnartzeaz gain, inguruneari arretaz behatzea ere eskatzen du.
Azkenik esan, nahiz egungo eskola publikoa neutrala definitzen den arren, neutralitate hori irizpide baten markoaren barne zehazten da, beraz, ez da erabat objetiboa izango.
No hay comentarios:
Publicar un comentario